XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Banaka desobedizitzea ongi dago, baina desobedientzia kolektiboak irauliko du benetan Sistema eta orduan hartuko du Erresistentzia Zibilaren zentzua, alegia, telebista itzalitakoan sentitzen duzunean milaka lagunek gauza bera egin dutela.

Desobeditu behar da eraikitzeko, ohiturak aldatzeko.

Telebista ikustean uko egiten badiogu, sistemaren zutabe baten kontra jotzeaz gain, horren ordez bizitzeko ohitura berriak sortuko ditugu; garatu eginen gara pertsonal mailan, irakurriko dugu, mendira joanen gara, haurrekin jostatu, kalera atera gara lagunekin egoteko.

Horrela, eginen dugun desobedientzi mota hau ez da, askotan, ez legezkoa izanen, baina desobedientzia praktika bat izanen da, Sistemaren zutabeen kontrajotzen duelako.

Desobeditzea eraikiz iruditzen zaigu dela Pizturen ideiara hurbiltzen den kontzeptua.

Herri Mugimendu guztiek eratutako elementu desobedienteen metaketak sortuko du goraka joanen den Sistemaren ereduaren kontrako mugimendua.

Denon artean Erresistentzia kultura berri bat eratu behar dugu, erakunde bakoitzeko proposamenak beren neurrian hartuak izateko.

Esate baterako, A-8 doanik-ek alternatiba desobedientea proposatzen badu Herri-mugimendu osoak bere gain hartu eta hedatuko du bere adiera.

Kontua da pixkanaka pixkanaka jendearengan sortaraztea joera ilegala Estatuaren aurkako desobendientzia maila areagotzeko.

Borroka proiektu honek banakako ideologia haustailea sortarazi nahi du Estatuari intsumisio kolektiboa bultzatzeko.

Sistema instituzionalak herriari parte hartzeko uzten dion bide bakarra hauteskundeak dira.

Horri aurre eginen dion beste bide berriak sortu behar dira herri mailan.

Aldi berean, eta aurretik esandakoaren kontrakoa badirudi ere, instituzioetan egindako proposamen aurrerakoiei babesa emanen dien herritarren mugimendua izan behar du, ezin baita ukatu batzuetan borroka instituzionalak mailakoak baino garrantzi handiagoa izanen duela.

Horretarako erreferendumak proposatuko dira, herriak parte hartu gabe hautesleen eskuetan geldi ez daitezen guztion intereserako izanen diren erabakiak.

Erreferendumak ez dira partizipazioaren Paradisua, baina bai legegintzaldien artean jendea parte hartzera bultzatuko duen formula, ordezkariak baditugunez kontsultarik behar ez delako ustea hausteko.

Erreferendumak herri guztietan burutzen baditugu kontrol mediatikoak atomizatu eginen dira eta ezin izanen diote ohi duten bezala gai bakoitzari erantzun.

Kale bateko peatonalizazioa eskatzen bada, ez da izanen prentsarako gai nagusi bat, baina bai herritarren partehartze eta eztabaidarako garrantzizkoa.

Azken finean, hori baita interesatzen zaiguna.

Edonola ere egoera bakoitzari erantzun behar diogu dagozkion proposamenekin.

Alde batetik, gure lan estrategikoa moldatu behar dugu Euskal Herria bere buruaren jabe izateko, helburu hurbilenak ahaztu gabe, hala nola Amninistiaren aldeko kanpainak, AHT aurkakoak edo Euskararen aldekoak.

Jakina da Sistemak jakinduria, indarra eta dirua erabiltzen dituela.

Herriak duen aukera bakarra, berriz, ezagueraz jakinduriaz, argitasunaz eta irmotasunaz hornitzea da.

Eta hori da erabili beharko duguna, imaginazioa hain xuxen.

Eta imaginazio desobedienterako dei horrek Sistemari bere oinarritik erasotuko dion kultura politika berri bat eskatzen du. Desobeditzea herriaren erraietatik, ez ekintza banandu batzuk medio, borondatezko milaka ekintzekin baizik, pertsonako bana Sistema desordenatu dezaten Autodeterminazioa eraikitzeko, lotura alienanteetatik aske.